XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

gizon begibakarrari erosi diogu Fresnon.

I was in Vietnam, you know? Turistak autobusetatik jaisten dira, iturriko uretatik edatera.

It's a nice day, honey! Ama artilezko txaleko gorriak josten dabil.

Aita itsas portutik itzuli da, bakailao biltegi batean zamalanak egin eta gero.

Pilotan ibili gara uniforme berdea daramaten haur batzuekin jolasean.

Do you play soccer? Hirugarren egunean, gauza pilo bat gertatu zaigu, marrazki liburuetako orriak aida batean pasatzean bezala.

Goizean goiz esnatu gara, lo errea eginda.

Polizia batek xaxatu gaitu, makarrak kentzeko astirik eman gabe.

Get out of here! Adabakiz jositako kanpadenda bildu, eta lekuak hustu ditugu.

Egun osoan alderrai ibili gara kanpadenda zabaltzeko tokirik ezean.

Arratsaldeko bostak eta bost dira.

Lombard kaleko semaforoaren ondoan gelditu gara, Divisaderotik etorrita.

Ilunabar ederra dakar, eta ziztu bizian sartu da antxeta bat kaleartera.

Semaforoaren argia noiz aldatuko zain gaude.

¡Dfjole! Baina ez da aldatu.

Errepideari izterrak zabaldu zaizkio, eta autoak jo eta irentsi ditu.

Hamabost segundoz lurra ikaraturik ibili zaigu, asfaltozko alfonbra bat astinduko balute bezala.

Jesus, Maria eta Jose! Poltsa guztiak bota ditugu lurrera.

Doi bat apaldu da harramantza, eta lehengo antxeta bera gurutzatu zaigu iparra galduta.

Aitak eta amak elkarri begiratu, eta aitaren egin dute.

Kalera azaldu dira gizoste izutuak, buru-besoei eraginez.